Agurtzane Intxaurraga |
Zein da zure ardura ikuskizunean?
Eszena zuzendaria edo artistikoa. Deitu nahi diozun moduan. Nik neuk halakoetan nire buruari eskatzen diodana da oinarrizko planteamentuari ikuspegi artistiko bat ematea, ikuslearentzat gozagarria izateko, eta horretarako ahalik eta zentzu guztiak jorratzen saiatzen naiz, bihotzeraino errazago iristeko.
Ikuskizun bakarra izango da, baina oso potoloa. Egin duzu halakorik aurretik?
Bai, zorionez badaukat eskarmentua lan hauetan. Baina bakoitza bakarra da eta ardura handia da niretzat. Kasu honen berezitasun bat da ez dagoela aukerarik jende guztia batu eta entsegu asko egiteko. Zuzendari modura arkitektura lana egin dut eta gero etxearen parte bakoitza osatzen joaten naiz partaide bakoitzarekin. Azkenean, bi edo hiru entsegu orokor egiten saiatzen naiz, baina hori ez da asko. Egun bakarreko hordagoa da.
Zenbat denbora daramazu puzzleari forma ematen?
Idoiak ekaina bukaeran deitu ninduen proiektu honi buruz hitz egin eta zuzendaritza artistikoa egiteko eskatzeko. Hor osatu genuen puzzlearen nondik norakoa. Eskaleta bat eraiki genuen, baina esan liteke iraileko lehen egunean hasi nintzela horretan buru belarri.
Zergatik animatu zinen parte hartzera?
Ideia gustatu zitzaidalako, argi eta garbi. Gerra bizi izan zuten emakumeen lekukotasuna, nolabait lotuta zegoen nire aurreko antzerki-lanarekin, Ilargiaren bi aldeak-ekin. Joko belikoen aurkako aldarrikapen bat egiten nuen (gure gizarte kapitalista honetako gerra birtuala) eta Amantalen ahotsean nire amamak eta beste gainontzeko amama guztiek euren larrutan bizi izan zuten horri ahotsa jartzea beharrezkoa iruditu zitzaidan.
Dokumental ukitua izango du, baina era berean artistikoa izan behar du... ez da erraza izango!
Ezer ez da erraza ondo egitea. Batzuetan asmatzen da eta beste batzuetan, zoritxarrez, ez. Baina nahikoa urte daramatzat lanbide honetan eta ibilbidean zehar ondo egindakoak zeureganatzen eta ondo gordetzen saiatzen zara; aldiz, gaizki egindakoak ez errepikatzea da kontua, eta horietatik ikastea. Niretzat edozein gauzari eszenatokian ukitu artistikoa ematea gozamena da, luxua. Ondo ateratzea nahi nuke. Eta ez dut nire buruarekin soilik pentsatzen, batez ere, gerra bizi izan zuten emakume horiei guztiei merezi duten oparia egin nahi nieke.
Aurpegi ezagunak daude ikuskizunean eta baita ezezagunagoak ere...
Nik modu berean tratatuko ditut denak, denok baikara gure txikian handiak eta guztiek eszenatokian dizdiz egin dezaten saiatuko naiz.
Proiektu honek zer edo zer berririk eskaini dizu?
Bai. Ez da lehen aldia oholtza gainean emakumeak bakarrik dauden ikuskizuna zuzentzen dudala. Baina, orain arte, antzerki lanak izan dira, eta ez era honetako ikuskizun potoloak. Hirurogei emakumetik gora izango dira eszenatokian eta horrek berezia egiten du. Gustura nago lantaldean, eta barre asko egiten dut.