Idoia Etxeberria |
Nolatan sortu zen ideia?
Ideia gerrako kontuak jasotzen ari ginela sortu zen, duela urte eta erdi inguru. Aurtengo uztailean 75 urte bete dira gerra hasi zenetik, eta momentu ona iruditu zitzaigun orduan gertatu zena azaltzeko. Baina hasieratik garbi genuen ikuskizun artistikoa egin nahi genuela, hainbat diziplina batuko zituena. Hori martxan jartzeko Amantala kultur elkartea sortu genuen.
Zergatik emakumeen ikuspegitik?
Eta zergatik ez? Hori ‘zergatik euskaraz?’ galdetzea bezalaxe da. Gu emakumeak gara, eta euskaldunak. Horregatik da ikuskizuna euskaraz eta emakumeen bizipenetan oinarrituta. Ikuskizuna ez zen sortu aldarri feministarik egiteko, baina bai emakumearen lana eta bizimodua ezagutarazteko. Gerran gertatu zena gizonen kontua dela dirudi, haiek egon zirelako frontean. Baina biztanleen erdia emakumeak ziren orduan ere, eta gizonek bezainbeste sufritu zuten. Azken batean beraiek egin ziren familiaren kargu. Baina beti isil-isilik.
Ikuskizunean adineko emakumeen testigantzak agertuko dira. Nola egin duzue aukeraketa?
Ahotsak.com egitasmorako eginda zeuden elkarrizketak erabili ditugu. Bideo pasarteak aukeratzea lan luzea izan da. Gipuzkoan emakume asko daude elkarrizketatuta, eta guk landu nahi genituen gaiak topatzea ez da erraza izan. Gainera, azpieuskalki guztiak nolabait ordezkatuta egon zitezen saiatu gara. Denera 40 emakume ingururen pasarteak aukeratu ditugu, gerrako gertaerekin eta gerra osteko giroarekin lotuta: eskola, lana, ezkontza, elizaren indarra…
Artistak, berriz, denetarik daude: bertsolaria, dantzariak, aktoreak, musikariak eta abeslariak. Zeren araberakoa izan da?
Gure gustuko artistak elkartu ditugu, ikuskizuneko mezuarekin eta giroarekin bat zetozenak. Bakoitzak bere erara, bere baliabide artistikoekin, gure amonek emandako sokari helduko diote. Horrela aberasgarriagoa eta politagoa dela uste dugu. Transmisioa oso inportantea da guretzat, eta etxeko sukaldetik antzokira eramango dugu hori. Artista batzuk aski ezagunak dira (Maialen Lujanbio, Amaia Zubiria...), beste batzuek ez hainbeste, eta euren buruak ezagutarazteko abagunea izango da hau, talentu berriak bistaratzekoa. Dena behar bezala lotzeko, Agurtzane Intxaurraga zuzendari artistikoa egundoko lana egiten ari da. Kalitatea bermatu nahi genuen, eta horregatik jo genuen berarengana. Ez genuen gaizki jositako puzzle bat egiterik nahi, eta ez da izango.
Nolakoa izango da ikuskizuna?
Entretenigarria izango da, bizia, orain hunkigarria orain umoretsua, ikusleari bidaia polita proposatuko diona: bidaia denboran barrena eta bidaia norberaren barrura. Ikusleari inoiz ikusi ez duen zerbait eskaintzea da gure asmoa. Ikuskizun artistiko berezia izatea espero dugu, ikasteko, hausnartzeko, hunkitzeko eta irribarre egiteko aukera emango duena.